
Plazer handiz gure lan berria aurkeztera gatozkizue, Ostera.
Biziaroaren etapa honetan eraldatuak gatoz betiko xede berarekin baina itzal eta oihartzun ezberdinarekin. Hermann Hesse-ren “Estepako Otsoa” proiektu kontzeptualaren epilogoak iluntasuna ekarri bazuen ere jarraian, Olmo Cascallarren etengabeko soinu esplorazioek eta sorkuntzari bide emateko beharrak eragin du 12 abestiz osaturiko lan berri hau kaleratzea. Azkeneko urteetan Julen Lusar (bateria) Gamorako kidearekin aisialdi orduek emandako riff eta konposizioetatik abiatuta Hostoakeko sortzaile eta kitarra ohia Ekaitz Bravoren ahotsa eta Nikolas Yurramendiren baxuak taldera batuta, Hostoak laukote moduan berregituratu dugu.
Hostoak markarekin gelditu bagara ere, lan honetan Gamora-ren metal geruza ezin nabarmenagoa da. Esan bezala, erritmoek, zortzi sokako kitarrek eta loop-ek, sintetizagailu eta samplerrek taldearen soinua guztiz eraldatzea ekarri dute. Oinarrian autoekoizpenaren eta auzolanaren filosofiak bertan darrai. Lan berrirako, Txerrimuño Baserrian buruturiko grabazio saioa baliatuz Zigor Garrok ekoitzitako zuzeneko 7 abesti gordinen bideoak kaleratuko ditugu, eta bere argazkiak probestu ditugu diskaren azal eta irudi gisa. “Live in Iturriotz”-en egin bezala proiektuari balio erantsia emanez.
Iluntasunetik argitarantz gatoz esateko eta entzunak izateko. Azken urteetan euskal rock eta metal musikaren bakantzearen aurrean euskara hutseko proposamen hau egiteko beharra sentitu dugu. 90. hamarkadako korronteari segida eman eta oinordekotzaren katelana burutuz. Hori bai, eguneratutako soinu eta melodia hein batean lirikoagoekin, gure gizarteari autokritikaz eta barne gatazken kudeaketei konplexurik gabe abestuz.